Header Ads

Euskararen Nazioarteko Eguna. Abenduak 3 Diciembre


Zallako Udalak hainbat ekintza abian jarri ditu euskara bultzatzeko. Esate baterako, euskaltegian ikasten duten ikasleek diru-laguntzak jasoko dituzte eta euskara profila duten Udaleko Lanpostuen Zerrenda handitu egin da, Hizkuntza Politikak proposatzen dituen baldintzak gaindituz. Beste alde batetik, Udalak hurrengo adierazpena aurkeztuko du osoko bilkuran onartseko:

"Euskararen Eguna  1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta munduan zehar barreiatutako Euskal Diaspora bizirik zen herrietan. Hego Euskal Herrian ez izan zen horrelakorik egin, diktadurapeko errepresio egoera zela eta.

Urteek aurrera egin ahala  Uruguaiko diasporako euskaldunen eskutik etorri zen egun hau berreskuratu eta instituzionalizatzeko eskaria, 1995.urtean hain zuzen ere. Eta ordutik, urtero – urtero Euskararen Eguna ospatzen dugu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpoko euskaldunok.


Euskararen historia, hain da luzea, bere lehen pausoak noizkoak izan ziren argitzeko, ez dakigu zenbat urte atzera egin behar dugun ere. Batzuen ustez lehen europarren hizkuntza  izan zen, batek daki…

Ezagutzen dugun historiak, hala ere, gauza batzuk argi erakutsi dizkigu: Euskarak apurka-apurka, baina etengabe, antzinako hedadura asko murriztu du gaur egunera arte. Gure hizkuntzak auzokide, bizilagun eta bidaide asko izan ditu ibilbide honetan guztian zehar, askotan kultura boteretsuei zegozkienak. Baina, hala ere, inguruko kultura eta hizkuntza boteretsuek ez dute asimilatu, ez da hil. Euskarak iraun egin du.

Biziraupenezko historia honetan, ez du hizkuntza guztiek merezi duten balioespen, errespetu eta laguntzarik jaso. Izan ere, hizkuntzak eta kultura guztiak berdinak dira duintasunean. Guztiek behar dute berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, mendetasunik gabe bizitzeko. 

Duintasun eta berdintasun bide honetan , azken hamarkadetan zenbait instituziotan normalkuntzaren aldeko legeak eta euskara biziberritzeko planak martxan jarri dira , eta  herrigintzatik egin den lana izugarria izan da ere euskararen normalizazioa bultzatzeko. Baina oraindik orain, euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan, arlo askotan traba eta babes falta handiarekin topo egiten du.

Beraz, hiritargoari eta euskal erakundeei dagokie, era progresibo eta orekatuan, normalkuntzaren aldeko lege honek barnean dituen ahalmen ugariak garatzea: alde batetik euskararen garapena  handitzea presentzia eskasa duen esparruetan; eta bestetik, orain arte egin den bidean lortu diren hiztun berrien beharrizanak asebetetzeko egokitzea. 

Izan ere, Unescoren azken txostenaren arabera, euskarak galtze arriskuan dagoen hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du. Honek, ezinbestean zera adierazten du: oraindik hainbat esparrutan lan handia dugula egiteko.

Pertsona bakoitzaren hizkuntza aukerarekiko errespetua lehenetsi behar dugu, eta ahaleginak egin behar ditugu  nahi duen guztiak euskara ikasteko aukera eduki dezan, hala nahi duenak euskaraz ikasteko aukera izateko; eta edozein esparrutan, eremu pribatuan zein publikoan, euskara  erabiltzeko duen eskubidea aitortu eta errespetatu egin behar zaio. Azken finean, euskararen erabilera bultzatu behar da bizitzako esparru guztietan. Hala nahi duenak euskaraz bizitzeko parada izan dezan. 

Ondorioz, gure hizkuntzaren indartzea eta normalizazioa ezinbesteko ditugun helburuak geureganatu behar ditugu: hiritar bakoitzaren konpromisoa euskarari balioa eta erabilera eman diezaion bere inguru hurbilenean; herri erakundeen inplikazioa, bizikidetza eta bakoitzaren hizkuntza aukera errespetatuta, euskararen ezagutza, transmisioa eta erabilera, egoera orotan susta ditzaten. 

Zallan, urtez urte, euskararen ezagutza hazten ari den bitartean, erabileran ez da horrenbesteko aurrerapausorik  antzematen. Aurrerapauso hauek gauzatzeko behar beharrezkoak dira baliabideak eta instituzioen laguntza eta  hauspoa.

Hala ere, jauzi kualitatibo bat eman beharra daukagu herritarrok: “Euskararen alde nago”tik “EUSKARAZ BIZI NAHI DUT”era pasatzeko. Zallan, %20a euskaldun osoak dira eta euskadun hartzaileak %22 inguru. Banakoak euskara erabiltzearen  aldeko konpromisoa hartzen badu, herriko errealitatea zearo aldatu daiteke, aitatutako portzentaiak haziaraziz.

Azkenik,  Zallako Udalak hau ahalbidetzeko bere erantzukizunaren tamainako konpromisoa hartzen du  eta herritarrekin batera euskazko aukerak sustatzean eragile aktibo izateko ardura eta  normalizazioaren aldeko politikak garatzekoa bere gain hartzen ditu".






No hay comentarios