Header Ads

Enkarterriko Berbalagun programa martxan dago berriro // Arranca de nuevo el programa Berbalagun en Enkarterri


Ikasturte berriarekin batera, martxan da berriro ere Enkarterriko berbalagun programa. Honako hau 9. ikasturtea da, beraz Euskal Herri osoan ezaguna den fenomeno honek, indarra hartu du gure eskualdean ere. Hamaika dira martxan dauden taldeak; eta dagoeneko 80 baino gehiago talde hauetan parte hartzen duten berbalagunak. Oraingoan, beraiekin batera euskaraz gozatzeko gonbitea egiten digute praktikatu gurekin! lemapean.

Hizkuntzaren ikaskuntzan, alboan utzi ezin daitekeen kontua da ikasitakoa praktikan jartzea, ez da gauza berria; euskara praktikatzeaz gain, jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, finean, euskaraz bizitzeko aukera izango du izena ematen duenak. Mintzalaguna, euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza.Bertan, edozeinek har dezake parte, euskaldun zaharra, euskaltegiko ikasle ohia edo euskaltegiko ikaslea izan...

Izena eman nahi dutenek Enkarterriko AEK euskaltegian, Enkarterriko Udal Euskaltegian edo Balmasedako eta Enkarterriko Mankomunitateko euskara zerbitzuetan dute izena emateko aukera, baita telefonoz (671070044) edo e-mailez (enkarterri@aek.org) ere. Informazio gehiagorako blog-a ere badago: berbaterri.blogspot.com

Gurasolagun
Egitasmoa hazten doan neurrian eta jende gehiago hurbiltzen doan heinean, beharrizan berriak eta proposamen ezberdinak agertuz doaz gure mintzapraktika egitasmoen baitan. Honen adibiderik garbiena Gurasolagun da. Euskararen transmisioa bermatzeko, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntz harremanetan eragitea. Ekimen honekin, guraso euskaldunak edota euskaraz ikasten ari direnak, egoera berdinean dauden beste guraso batzuekin harremanetan jartzea da helburua; plazan, parkean, asteburuko txangoetan... familia edo lagun giro guztiz euskalduna sortzea. Horretarako guraso eta umeekin mintzataldeak, tailer txikiak, irteera edo txangoak antolatzen dira.

Aurreko ikasturteetan beste eskualde batzuetan martxan jarri ostean, egonkortasuna eta erreferentzialtasuna hartzen ari den egitasmoa da Gurasolagun. 

Ikasturte honetan Enkarterriko eskola eta ikastetxeekin elkarlanean aritzeko asmoa  daukagu gurasolagun programa aurrera eramateko. Zure ikastetxean Gurasolagunen kartel esanguratsua ikusten baduzu, ez dudarik egin, joan idazkaritzara eta eman izena.

Berbalagun eta Gurasolagun guztiek EHUko kredituak eskuratu ahalko dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Argia aldizkariak eta berria egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila.

Testua: Enkarterriko Berbalagun

No hay comentarios