Header Ads

“Nola egin aurre gatazkei?” ekimena abiaraziko du Zallak


Zalla BHI eta Maristas Zalla ikastetxeetako 280 neska-mutilek, euren irakasleekin batera, kultur ekitaldiaz gozatuko dute otsailaren 1ean, Zalla Zine Antzokian. Hain zuzen ere, ekitaldi horren bidez emango zaio hasiera “Nola egin aurre gatazkei?” ekimenari. Ekitaldiak reality showen formatua izango du, eta umorezko esketxak, musika-emanaldiak eta Euskadiko pertsona ezagunei eginiko elkarrizketen proiekzioak bilduko ditu (hala nola, Betagarri ska taldea, EITBko “El conquistador del fin del mundo” saioko aurkezle Julian Iantzi edo Aritz Aramburu surflaria, besteak beste). Ekitaldian egongo dira, halaber, Iñigo Iraultza, Jon Urraza eta Maite Mallón aktoreak. Elkarbizitzaz eta gatazkak bakearen bidetik konpontzeaz mintzatuko dira. Bestalde, “Invert” rapgilearen (Espainiako “Pelea de gallos” txapelketako finalista izandakoa) eta “Rasy Simone” DJaren zuzeneko musika ere egongo da. 

Antzokiko hitzorduaren ondoren, lanak aurrera egingo du ikasgeletan; zehazki, otsailaren 4tik 15era bitartean. Lehenengo eta behin tutoretza-saioa egingo da, eta bertan funtsezkoa izango da ikastetxeen inplikazioa, elkarbizitzako hainbat ideia garrantzitsuren inguruan hausnartzeko: enpatia, pertzepzioak, emozioak, komunikazioa edo elkarlaneko negoziazioa. 

Proiektu honek elkarbizitzara begira ematen dituen zenbait ideia barneratzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa da gazteek bizipenen ikuspegitik lan egitea. Bada, helburu horrekin, tutoretza-saioaren ondoren, Garrébil kabineteko bitartekariek ikasleak gidatuko dituzte negoziazio- eta bitartekaritza-tekniken bidez, parekoen artean eguneroko bizimoduan sortzen den gatazka bat oinarri gisa hartuta.

Proiektuaren azken fasean bi kultur tailer antolatu dira: RAP tailerra eta Graffiti tailerra. Ondoz ondoko bi asteburutan egingo dira: otsailaren 23an eta martxoaren 2an, 16:00etatik 18:00etara. Horietan, hiri-kulturako profesionalen eskutik graffitiak egiten eta rapa kantatzen ikasteaz gain, artearen eta elkarlanaren bidez, proiektuan barneratutako ideia garrantzitsuenak adierazi ahal izango dituzte.

No hay comentarios