Etxegabetzeen aurrean jarduteko protokoloa
Zallako Udalak erabaki du jarduketa protokoloa abiaraztea etxegabetzeak gerta daitezkeenetan, eta horrek zenbait ekintza jasotzen ditu. Lehenik eta behin, zinegotzi bat izendatuko da, udal teknikariekin eta Enkarterriko Mankomunitatearekin lan egingo duena eragindako pertsonari aholkuak emateko. Halaber, erabateko diskrezioa bermatuko zaio, eta arretarako telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa emango zaizkio.
Gainera, Udalak hitzematen du harremanetan jarriko dela etxegabetze prozesua abian jarri duen banku erakundearekin, batik bat denbora-tarte mugagabean geldiaraztea exijitzeko eta eragindako pertsonaren egoeraren berri emateko. Banketxe edo kutxaren jarreraren arabera, Udalak berrikusi egingo du erakunde horrekin dituen harremanak, eta lotura bertan behera utziko du negoziazioetan emaitzarik lortzen ez bada. Era berean, herritarrei jakitera emango zaie banketxe, kutxa edo kooperatiba bakoitzak zein jarrera duen etxegabetzeen aurrean.
Etxerik gabe gelditu diren pertsonei premiazko irtenbidea emateari begira, eta alokairu soziala erreferentzia nagusitzat hartuta, Udalak sustatuko du autonomia eta foru erakunde publikoekin lan egitea, eta udal etxebizitzen inbentarioa egingo du. Haatik, hitzematen du etxebizitzen udal ondare publikoa eratuko duela. Azkenik, protokoloak dio Zallan etxegabetze bat gauzatzen den bakoitzean, Udalak eta organismo sozialek etxegabetzeen aurkako eta etxea izateko eskubidearen aldeko elkarretaratzea deituko dutela.
Protokolo honen testua udal ordezkaritza duten indar guztiek adostu dute.
Utzi erantzuna